Sozialdemokrazia (sozialismo eta demokrazia hitzetatik) marxismotik eratorritako ezkerreko korronte politikoa da, marxismoaren printzipio ideologikoak (hala nola gizarte sozialista xede moduan, langileen iraultzaren bitartez) baztertu eta besterik gabe herritarren arteko berdintasuna eta elkartasuna aldeztu eta balore demokratikoak sustatzen dituena. Marxismoak kapitalismoarekin talka egiten duen bitartean, sozialdemokratak ekonomia misto baten aldekoak dira, merkatu-ekonomia birbanaketa ekonomikoarekin eta estatuaren interbentzionismoarekin uztartuz, merkatuak ekar ditzakeen desberdintasunak apaldu eta bestelako merkatu-akatsak zuzentze aldera. Sozialdemokrazia ezker politikoan kokatzen da (hala nola, ongizatearen estatuaren apustu garbia egiten du, hura finantzatzeko zergen igoerak ezarriz), baina zentro politikorako joera ere badu, ezker muturretik aldenduz. Horrela praktika politikoan, denetarik aukitu izan da: sozialdemokraziak batzuetan ezker eta ezker muturreko alderdiekin lortu ditu hitzarmenak, baina liberalekin eta eskuinarekin ere iritsi da akordioetara (adibidez, Euskadin, PSE-EE alderdi sozialdemokratak ohikoan ematen dio sostengua PNV-EAJ alderdiari eta Patxi Lopez PSE-EEko politikaria PP alderdiaren sostenguarekin heldu zenean lehendakaria izatera).
Historikoki, marxismoa abiarazi (data bat emateagatik, 1848 urtea, Manifestu Komunista plzaratu zenean) eta gutxira garatu zen sozialdemokrazia korronte moduan. Alemanian, Ferdinand Lassallek egun Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata dena sortu zuen 1863 urtean. Baina sozialdemokraziaren teoriko nabarmenena Eduard Bernstein izan zen, XIX. mendearen bukaeran. Edonola ere, marxismo ortodoxotik laster jo zuten sozialdemokraten aruka, haien tesiak errebisionistatzat joaz, eta haien desideologizazioa salatuz. XX. mendean zehar, sozialdemokraziak Bigarren Mundu Gerratik aurrera bereziki izan zuen arrakasta, Europa Mendebaldeko estatuetan, ongizatearen estatuaren loraldiarekin batera betiere. Horien artean, nabarmena da Suediako kasua, non Olof Palme sozialdemokrata lider politikoa izan zen bere herrialdean nahiz nazioartean. XX. mendearen bukaeran ordea, ongizatearen estatuaren krisiak printzipio liberalek hartu duten indarra herrialde askotan, neoliberalismo deitu izan den joeraren baitan.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Ekonomia positiboa eta ekonomia normatiboaEkonomia positiboa eta ekonomia normatiboa ekonomiari buruzko adierazpen eta proposizioak egitean, eta orokorrean ikerketa ekonomikoa egitean, bereizten den bi ikuspegi dira. Ekonomia positiboaren ikuspegia ekonomiari buruzko proposizio objektibo,…
Ekonomia estatikoa eta ekonomia dinamikoaEkonomia estatikoa denbora kontuan hartzen ez duten eredu ekonomikoen ikuspuntua da. Ekonomia dinamikoak, berriz, aldaketa ekonomikoak nola gertatzen diren aztertzen du, orekara heldu arte. Beste alde batetik, ekonomia…
Ekonomia (definizioa eta kontzeptua)Ekonomia gizabanakoaren nahiz gizartearen beharrizanak eta nahiak arrazionalki nola betetzen diren aztertzen duen zientzia da, bereziki ekoizpenari, trukatzeari eta kontsumoari buruz. Hain zuzen ere, beharrizan eta nahi horiek…