Agian, alokairua ondasun bat errenta baten trukean uztearen adieran bilatzen ari zinen.
Soldata edo alokairua (latinezko solidus hitzetik, Antzinako Erromako urrezko txanpon bat) langile batek beste baten kontura egindako lanagatik, lan harreman baten baitan eta dagokion lan-kategoriaren arabera eskuratutako ordainsari egonkorra da, aldiro (hilabetero, astero, egunero, ...) jasotzen dena, dirutan zein jenerotan, enpresariak edo enplegu emaileak emandakoa (ikus, gainera, lansaria). Soldatak dira, halaber, legezko edo adostutako atsedenaldi edo oporraldietan jasotako diru kopuruak, denbora horretan lanik egiten ez bada ere.
Soldata gordina eta soldata garbia bereizi behar dira. Soldata garbia langileak azkenean jasotzen duen diru-zenbatekoa da, enpresak haren kontura egin beharreko kotizazio sozialak eta atxikipenak kendu ondoren. Soldata gordinak, berriz, ordainsari osoa jasotzen du, atxikipenak eta langilearen kotizazioa barne.
Soldataren osagaiak edo elementuak dira oinarrizko soldata, aldiro lan egiteagatik ordaintzen den diru kopuru finkoa, osagarriak (adibidez, gauez lan egiteagatik edo enpresak ezarritako helburuak betetzeagatik), aparteko orduak, eta soldata mistoa denean, jenerotan ordaintzen den zatia ere bai. Aparteko soldata urteko aldi batzuetan jasotzen den soldata gehigarria da, adibidez Eguberri garaian, ohiko soldataren bikoitza izaten dena. Aitzitik, ez dira biltzen soldataren baitan langileak Gizarte Segurantzatik jasotakoa eta lantokia aldatu, lanaldia eten edo kaleratzeagatiko ordainak. Soldata osatu eta soldata kalkulatzeko baliatu diren atal eta kontzeptuak zehazten dituen agiri ofiziala nomina da.
Soldata lan-kontratuan ezartzen da, maiz dagokion hitzarmen kolektiboan, legez edo langilearekin adostutakoaren arabera. Nolanahi ere, soldata legez ezarritako soldata minimoa izan behar da gutxienez, horretarako baldintzak betetzen badira. Soldataren likidazioa eta ordainketa ere dagozkion epeetan izan behar dira, orokorrean hilabetea. Beste alde batetik, garaiz ordaindu ezean, soldatek lehentasuna dute, Espainiako legedian, beste kreditu eta mailegu guztien aldean, horiek bermatuta izanda ere.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Soldata-egituraSoldata-egitura enpresa batek langile talde ezberdinei ordaintzen dizkien soldaten osagaien multzoa da, bereziki zati finkoa eta aldakorrak bereiziz eta osagarriak zehaztuz. Beste hizkuntzetan: ingelesez, wage structure; gaztelaniaz, estructura…
LansariakLansaria, alokairua edo erremunerazioa pertsona batek egindako lanagatik edo lanean emandako denborarengatik jasotzen duen ordainsaria da. Finkoa eta aldirokoa izan daiteke, eta orduan soldata deitzen zaio (jornala, egunez…
Soldata-eskalaSoldata-eskala enpresa edo erakunde bateko lanpostu mota bakoitzari dagokion soldata zehazten duen zerrenda ordenatua da. Lanpostu bakoitzaren baitan ere, soldata desberdinak zehaztu daitezke langilearen esperientziaren eta trebakuntzaren arabera.