Puntuazio estandarra edo puntuazio tipikoa aldagai estatistiko bateko datu kuantitatibo bati aldagaiaren batezbesteko aritmetikoa kenduz eta emaitza hori desbideratze estandarrarekin zatituz eskuratzen den z izeneko balioa da. Eragiketa horri z estandarketa deritzo. Datu kuantitatibo batezbestekotik zenbat desbideratze estandarretara dagoen adierazten du. Adibidez, pertsona baten altuera 180cm bada, 170cm batezbestekoa eta 5cmko desbideratzea duen talde batean, bere puntuazio estandarra (180-170)/5=2 da, eta adierazten du pertsona hori bere erreferentziazko taldeko batezbestekotik 2 desbideratze estandarretara dagoela.
Orokorrean, puntuazio estandarrak honela adierazi eta kalkulatzen dira,
datu batetik abiaturik:
![Rendered by QuickLaTeX.com \[z=\cfrac{x-\overline{x}}{s_x}\]](https://gizapedia.hirusta.io/wp-content/ql-cache/quicklatex.com-673f1428dd352e92c9f33ed8487ce92f_l3.png)
Puntuazio estandarren batezbestekoa beti da 0, eta horien desbideratze estandarra 1.
Puntuazio estandarrak datu multzo ezberdinetako datuak alderatzeko erabiltzen dira, multzo guztietako datuak sailkatze aldera kasu. Adibidez, eskola ezberdinetako kalifikazioak ordenatzeko, prozedura zuzena ikasle guztietako notak estandartzea da, bakoitza bere eskolako batezbesteko eta desbideratzearekin, eskola ezberdinetako kalifikazioak, bere horretan utzirik, sistematikoki altuagoak edo baxuagoak direlako (batezbesteko ezberdinetakoak, alegia), eta baita sakabanatuagoak edo bilduagoak ere (desbideratze ezberdinetakoak).
Puntuazio estandarrak aldagai ezberdinak eskala berean jartzeko ere erabil daitezke; psikometrian, adibidez, aldagai ezberdinak eskala berean jarriz subjektuaren gaitasun eta jarrera-profila ezartzen da.
Estandarketaren beste aplikazio bat datu atipikoak bilatzea da, datu atipikoak aurkitzeko irizpide gisa z puntuazio estandar jakin bat gainditzea izanik balio absolutuan (adibidez, datuak banaketa normalaren araberakoak izanik, |z| puntuazio estandarra 3 baino handiagoa dutenak, 1000tik 2-3 izango lirateke).
Beste hizkuntzetan: ingelesez, standard score; gatzelaniaz, puntuación estándar.
Loturiko artikuluak
Batezbestekoaren errore estandarraBatezbestekoaren errore estandarra lagin batezbestekoaren desbideratze estandarra da, lagin bat zenbateraino den populazio osoaren adierazgarri islatzen duena: zenbat eta errore txikiagoa, lagina orduan eta adierazgarriagoa da. [latexpage] $\sigma$…
Hizkuntza estandarraHizkuntza estandarra hizkuntza bateko dialektoen artean nagusitzen den hizkuntza aldaera eta hizkuntza bereizgarri edo trazuen multzoa da, dialekto desberdinetako hiztunek elkar komunikatzeko erabiltzen dutena, eta orokorrean hizkuntza idatzian,…
Puntuazio diferentzialakEstatistikan, puntuazio diferentzialak aldagai estatistiko bateko balioei batezbesteko aritmetikoa kentzean sortzen diren balioak dira: [latexpage] $d=x-\overline{x}$.