Pasibo galdagarria eta pasibo ez galdagarria pasiboa (ondare garbiarekin batera esan behar da) osatzen duten bi ondare-masa nagusiak dira. Pasibo galdagarria sozietate edo enpresa batek besteekin dituen zorren multzoa da, epemuga jakinekoa eta galdegin edo exijitu egin daitekeena. Pasibo ez galdagarria, ondare garbia ere deitua, berriz, exijitu ezin den edota epemugarik ez duen pasiboa da, non enpresaren funts propioak, dirulaguntzak eta dohaintzak sartzen diren, eta beraz enpresaren autofinantzaketa osatzen duena. Enpresaren finantzazio egoki batek pasibo galdagarriaren eta ez galdagarriaren arteko oreka eskatzen du. Pasibo galdagarriaren zatia handiegia bada, enpresaren kaudimena kolokan jar daiteke; pasibo ez galdagarria handiegia bada berriz, enpresak kanpo finantzazioari uko egin eta negozioa zabaldu eta garatzeko aukerak gal ditzake.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, liabilities (pasibo galdagarria); gaztelaniaz, pasivo exigible y pasivo no exigible.
Loturiko artikuluak
Funts propioak (fondo propioak)Enpresan, funts propioak edo fondo propioak, kapital propioa ere deitua, kanpo finantzaziotik aparte eskuratzen dituen baliabideak dira, enpresaren autofinantzazioa eratzen dutenak, hala nola bazkideen ekarpenak (kapital soziala), erreserbak,…
DeskapitalizazioaDeskapitalizazioa ondarea edo abertastasuna galtzen edo txikitzen joatea da. Enpresan, zehatzago, deskapitalizazioa gertatzen da enpresaren galerek ondare garbia eta funts propioak (kapital soziala) gutxitu eta muturrean ezereztu egiten…
Ondare garbiaEnpresan, ondare garbia edo ondare netoa funtsean enpresaren kapitala edo bazkideen ekarpenak jasotzen dituen ondare-masa da, nahiz eta bestelako kontzeptuak (erreserbak, dirulaguntzak, ...) ere biltzen dituen. Enpresaren hiru…