
Metakognizioaren eskailera: erabilera tazitoa (1), kontzientea (2), estrategikoa (3) eta erreflexiboa (4).
Metakognizioa norberak bere prozesu kognitiboei buruz duen ezagutza eta horren kontrola da, ikaskuntza eta kognizioa bera antolatu eta zuzentze aldera. Adibidez, metakognizioa erabiltzen dugu zerbait ziurtzat jotzeko egiaztatu beharra onartzen dugunean, gai bat ikasteko dugun zailtasunaz jabetzean eta zailtasun horiek gainditzeko estrategiak aurrera eramaten ditugunean eta erabaki bat hartu aurretik aukeran dauden erabaki posible guztiak zehaztu eta ebaluatzen ditugunean. Metakognizioan ezagutza metakognitiboa, norberaren prozesu kognibieoi buruz edukitzen diren ezagutzen multzoa, nola ikasi eta erabakitzen dugun eta zer dakigun biltzen dituena, eta kontrol metakognitiboa, kognizio prozesuak aurrera eraman eta zuzentzeko ditugun aukerak eta estrategiak, biltzen ditu. Adibidez, gai bat zaila dela kontziente izatea ezagutza metakognitiboari dagokio, eta gai hori ikasteko aurrera eraman behar ditudan estrategiak zehaztean kontrol metakognitiboari. Ildo horretatik, metakognizioaren erabilera mailakatu hauek zehazten dira, eskailera moduan, metakognizioaren ahalmena bere gorenera garatzera daramatenak: erabilera tazitoa, gure ezagutzaz eta ezagutzeko ahalmenaz kontziente ez garenean; erabilera kontzientea, ezagutzaz kontziente garenean; erabilera estrategikoa, gure ezagutza zuzendu eta ikasteko estrategiak garatzen ditugunean; eta erabilera erreflexiboa, pentsatzeko eta ikasteko modua ebaluatu eta aldatu egiten dugunean.
Erreferentziak
Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Metakognizioa";
Gizapedian, 7 azaroa, 2018,
/metakognizioa/.
Loturiko artikuluak
Ikaskuntza (definizioa)Ikaskuntza eragile adimendun batek kognizioa baliatuz inguruneari buruzko informazioa jaso eta ulertu, informazio hori prozesatu eta arrazoibideak baliatuz konklusioak ateratzeko prozesua da, ezagutza zabaldu, problemak ebatzi eta portaera…
KognizioaKognizioa (latinezko cognoscere aditzetik, "jakin, ezagutu") prozesu mental kontziente eta inkontzienteen multzoa da, zentzumenetatik informazioa jaso, hura oroimenean atxiki eta prozesatu, pentsatu, komunikatu eta arrazoitzeko (ikus, arrazoibideak) jarduerak…
Ikaskuntza polizentrikoaIkaskuntza polizentrikoa informazio eta ezagutza bide ezberdinak baliatzen dituen ikaskuntza mota da, irakaslean edo eskolan soilik zentratzen ez dena, eta subjektuak edonon izan ditzakeen edonolako esperientziak ikaskuntzarako aukera…