Agian, petxeroa petxak edo zergak ordaindu behar dituenaren adiera historikoan bilatzen ari zinen.
Kopla-buruko, petxero, pagaburu edo turko-burua ezbehar, gaitz edo okerren ordainak pairatzen dituen pertsona edo gizataldea da, haien benetako erruduna edo errudun bakarra ez bada ere. Adibidez, ikasgela bateko ikasleak sortzen ari diren istiluak geldiarazteko, irakasleak edozein ikasle aukeratu eta zigortzen duenean, ikasle hori kopla-burukotzat hartu duela esaten da. Gaztelaniaz chivo expiatorio esaten zaio (ordainezko akerra, euskaraz), Bibliako Lebitarren liburuan jasotzen den Jainkoaren aginduaren arabera, non bekatuak garbitzearren akerra sakrifikatu behar den. Beraz, antzinako zentzuaren arabera kopla-buruko sakrifizioaren biktima da, Bibliaz gainera munduko beste kultura askotan ere gertatzen dena. René Girard antropologoaren arabera, kopla-burukoa eta sakrifizioa biolentzia kolektibo mimetikoa, denok denon aurka gertatzen dena, bideratu eta kontrolatzeko mekanismoak dira, kulturaren sorrerako funtsezko elementuak. Kristautasunak haustura ekarriko dio erritual horri, Jesus Nazaretekoaren hilketarekin, Jainkoaren seme Jesus kopla-buruko errugabetzat aurkeztuz. Sakrifizio horren bitartez, gizakion arteko biolentziaren eta mendekuaren, kopla-burukoak bilatu beharrarekin, hautsi nahi da, denon arteko maitasuna aldarrikatuz.
Psikologikoki, kopla-buruko bat bilatu beharra proiekzio-mekanismo bat da, erruaren transferentzia mota bat, maiz estereotipoetan oinarritzen dena, adibidez etorkinak langabeziaren edo delikuentziaren errudun nagusiak direla esaten denean, estatistikek eta ikerketa zientifikoek aurkakoa adierazi arren.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, scapegoat; gaztelaniaz, cabeza de turco, chivo expiatorio, víctima propiciatoria.
Erreferentziak
Loturiko artikuluak
Intrintsekoa eta estrintsekoaZerbaiten propietate edo ezaugarri bat intrintsekoa dela esaten da, esentziala edo bere-berezkoa denean. Adibidez, gardentasuna uraren propietate intrintsekoa dela esango genuke. Berriz, propietatea zirkunstantziek edo beste zerbaitekin dituen…
Koherentzia eta inkoherentziaDiskurtso edo teoria bati buruz, koherentzia dagoela edo diskurtsoa (edo dena delakoa) koherentea dela esaten da, diskurtsoa osatzen duten adierazpenak logikoki loturik eta erlazionaturik daudenean, adierazi nahi denarekin…
Trokela eta trokelaketaTrokelaketa azalera lauko material batean zizailak, ebakiak, zuloak edo hutsuneak mekanikoki sortzeko ekintza da, trokel izeneko makina baten bitartez egiten dena. Trokelak bi elementu nagusi ditu: puntzoia zulatu…