Giza eta gizarte zientzietan, eta bereziki psikologian, konstruktoa kontzeptu konplexu eta abstraktoa da, helburu zientifiko bati jarraiki eratu baina zuzenean behatu edo neurtu ezin daitekeena. Konstruktoak kontzeptu erabilgarriak dira egitateak laburbildu eta fenomeno konplexuei buruz teoriak eratzeko. Hala nola, konstruktoak lirateke antsietatea, sormena, adimena eta autoestimua. Adibidez, adimena, konstrukto denez gero, ezin dugu zuzenean behatu, eta hura osatzen duten eta beha daitezkeen hainbat jokabideren bitartez, aldagai bilakaturik, jasotzen dugu, hala nola hizkuntzaren ulermena, espazio orientazioa, erlazioak eratzeko trebetasuna, eta ikasi, konklusioak atera eta erabakiak hartzeko gaitasuna.1 Beste definizo baten arabera, konstruktoak hor daudela dakigun kontzeptu teorikoak dira, baina definitzen eta neurtzen zailak direnak. Hedaduraz, konstruktoak kontzeptu abstraktoak, maiz oinarri erreal sendorik gabeak, izendatzeko ere erabiltzen da adiera arruntean (ikus 1. oharra).
Konstruktoak kontzeptualki definitzen dira hasieran, baina horri buruzko ikerketa zientifikoa abiarazteko operazionalki definitu behar dira: adibidez, adimena kontzeptu konplexu moduan azaltzen saiatzen garenean, modu orokorrean, horren osagai eta elementuei esplizituki aipatu gabe, kontruktoaren definizio kontzeptuala egiten ari gara; berriz, adimena nola neurtzen den azaltzen denean, horren osagaiak eta elementuak zehaztuz, definizio operazionala lantzen ari gara.
Operazionalizazioa burutu ondoren, beste zenbait baldintza bete behar dira konstruktoa tresna zientifiko moduan erabiltzeko, hala nola modu egonkor batean jaso eta neurtu behar dira. Konstrukto batek adierazten duena modu egonkor eta erregular batean atzeman, behatu eta neurtzeko gauza garenean, maila altuko konstruktoa dela esango dugu. Adibidez, tenperatura konstrukto bat da, kontzeptu abstrakto bat neurtzen duelako, baina maila altuko konstruktoa da, tenperatura zehazki eta modu konstante batean neurtu daitekeelako, neurketa tresna desberdinak erabiliz. Aldiz, adimena maila baxuko konstruktoa da, baliatzen den adimen kontzeptuaren eta neurketa tresnaren arabera, adimenak balio aski ezberdinak izaten direlako.
Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, constructo.
Ikus, gainera
Oharrak
- Adibidez, "Behin baino gehiagotan, materialismo eta “astarrealismo trauskil” hau (nazioak konstruktoak dira! Indibiduoak baino ez dago!)" (Azurmendi, Joxe: Historia, arraza, nazioa, 2014)]
Erreferentziak
Loturiko artikuluak
Aldagai diskretuak eta aldagai jarraituakEstatistikan, aldagai estatistikoen artean aldagai diskretuak eta aldagai jarraituak (edo jarraiak) bereizten dira. Aldagai diskretuak balio isolatuak, banan-banan konta daitezkeenak, hartzen dituen aldagaiak dira, hala nola familiako anai…
KategorizazioaKategorizazioa da aztertu beharreko errealitatean behatutako objektuak eta datuak bilduko diren kategoriak edo klaseak definitzeko prozesua da, ondoren objektu eta datu horiek sailkatu edo taldekatzeko, aldez aurretik ezarritako…
OperazionalizazioaBereziki gizarte zientzien ikerketari buruz, operazionalizazioa (aldagaien operazionalizazioa) edo operatibizazioa konstruktoak, atributuak eta kontzeptuak, orokorrean kontzeptu teoriko bat, zehatz definitu eta nola neurtu eta datuak nola jaso behar…