Kirola ariketa fisikoa eta jokoa da, era harmonikoan gorputza trebetasunez mugitzea eta adimena lantzea eskatzen dituena, aisialdi, jarduera osasungarri, norgehiagoka edo ikuskizun gisa. Ariketa fisiko gisa, jarduera konkretu eta jarraitu edo errepikatua da, gorputza landu, zaindu eta taxutu egiten duena, trebetasunez, azkarki zein kemenez, betiere harmonikoki, garatzen dena. Joko edo kirol-diziplina gisa, lorpena, erronka, norgehiagoka eta lehia ditu oinarrizko osagai, baina hortik aurrera gizarte modernoetan transzendentzia erabateko jarduera sozial bilakatu da, perstsonen sozializaziorako funtsezkoa gertatzen dena, interakzio sozialetatik haratago komunitateak eratzen dituen horren inguruan, eta goi-mailan estatus soziala dakarrena (ikus, gainera: kirol eragileak). Pisu handiko jarduera ekonomikoa bilakatu da azken hamarkadetan eta maila geopolitikoan arlo garrantzitsua ere bada, soft power edo botere bigunaren funtsezko elementua izatera helduz. Hasiera batean kultura guztietan ugari diren jolas fisikoak arautzetik baino askoz ere haratago, kirola ideologia tresna zabaltzaile nagusienetakoa bilakatu da, hala nola nazionalismo hutsala eraiki eta gorputzen estetika kanonikoa eratzeko. Norbert Elias (1897-1990) izan da kirola ikuspuntu soziologikotik aztertu duen egile nabarmenetakoa da, hain zuzen berak eraturiko soziologia figurazionaletik.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, sport; gaztelaniaz, deporte.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Egokitzapen fisikoaKiroletan, egokitzapen fisikoa kirolariaren gaitasun espezifikoak garatzeko entrenamenduaren bitartez gorputzeko atal eta funtzio jakin batzuk landuta gorputzean gertatzen diren aldaketa positiboen multzoa da. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, adaptación física.
Ogia eta zirkoaOgia eta zirkoa (latinezko jatorrian, panem et circenses) herri xeheak kontsumismoarekin (ogia) eta kirola eta beste ikuskizunekin (zirkoa) erakusten duen atxikimendua izendatzeko erabiltzen den esamoldea da, literaltasunetik haratago…
Jarduera fisikoa eta ariketa fisikoaJarduera fisikoa gorputzak egiten duen edonolako mugimendua da, funtzio metabolikoetatik gorako energia-gastu dakarrena. Jarduera fisikoa egiten da aisialdian gaudenean (erosketak egin, paseatu, sukaldatu egiten dugunean) nahiz lanean. Jarduera…