Ikasle Abertzaleak


KategoriakEuskal Herria

Ikasle Abertzaleak (IA) 1988ko azaroan sortu eta izen horrekin 2025eko azarora arte jardun zuen Euskal Herriko ikasle mugimenduko erakunde nagusia izan zen, institutuetan eta unibertsateetan jardun zuena.

Sorrera eta bilakaera

Espainiar estatuan 1986-87 urteetan sortu eta Hego Euskal Herrian ere jarraipena izan zuen ikasle mugimenduaren garai berean, gobernu zentralari hezkuntzarako baliabide handiagoak eskatzeko, Euskal Herrian errepresio politiko handia bizi zen, euskal gatazka deitukoaren inguruan. Testuinguru horretan, Hego Euskal Herrian ugari ziren ikastetxe eta institutuetan ikasle asanbleak, hezkuntza arazoak eta baita ere gizartean bizi ziren egoerak salatzeko; asanblea horiek koordinadora direlakoen bitartez jartzen ziren harremanetan zirenak, baina antolakuntza sendo eta finkorik gabe. Egoera hori gainditu eta ikasle borrokan aurrerapauso gisa, antolakuntza egonkor eta nazio mailako gisa sortu zen Ikasle Abertzaleak.

Argi dago Ikasle Abertzaleak ezker abertzalearen inguruan sortu zela eta horrela jarraitu zuela 2019 urtera arte, urte horietan eta hurrenez hurren sektore politiko horretako Jarrai, Haika, Segi eta Ernai gazte erakundeekin harremanetan, maiz haietako kideek Ikasle Abertzaleak erakundean ere jardunez. Aipagarria da, ordea, Jarrai, Haika eta Segi erakundeek ez bezala, Ikasle Abertzaleak erakundea ez zela legez kanpo jarri Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren aurka 1990eko hamarkadaren bukaeratik 2010eko hamarkadara arte espainiar estatuak aurrera eraman zuen ofentsiba judizialean zehar, eta ibilbide iraunkorra garatu zuela ikastetxeetan eta unibertsitateetan, hain zuzen ere irakaskuntzaren euskalduntzea, hezkuntza eredu berriak, selektibitatearen deuseztapena eta finean Euskal Eskola Nazionala aldarrikatuz. Horrela, beste gazte erakunde ezkertiar eta abertzaleen aurkako errepresio giroan, euskal ikasle mugimenduaren eta baita ere gazteriaren erreferente nagusi bilakatu zela.

Bide berriak urratuz

2010eko hamarkadaren hasieratik, ordea, ezker abertzale ofizialistatik  garatzen zen estrategia erreformistarekin desadostasunak hasi ziren azaleratzen erakundearen barruan, harik eta 2019ko apirilean ospatu zuten VII. Kongresuan planteamendu ideologiko berria bereganatu zuten arte Errainu ponentziaren bitartez, hilabete batzuk lehenago sorturiko GKS (Gazte Koordinadora Sozialista) erakundearen ildo komunista eta iraultzailetik. Hala ere, Ikasle Abertzaleak izenarekin jarraitu zuten hortik aurrera, haustura dela eta ezker abertzalearekin eztabaida bizian, Bilboko egoitza baten titularitatea ere tartean. Ildo berri horretan, erakundea sendotzen joan zen, ikasleak erakarriz eta mobilizazio ugari garatuz. Azkenean, 2025eko azaroan Berriozarren ospatutako VIII. kongresuan, erakundeak Ikasle Abertzaleak izena alde batera utzi eta hortik aurrera a Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista izena bereganatzea erabaki zuen, Mugimendu Sozialistan integratuz.

436 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.