Enplegu osoa edo enplegu betea biztanleria aktibo osoa lanean dagoenean gertatzen den egoera da, alegia langabeturik ez dagoenean. Praktikan ordea, enplegu osoan onartzen da langabezia-tasa txiki bat, %2-%3.5 bitartekoa, langabezia-tasa txiki horri langabezia frikziozkoa dela argudiatuz, langileek nahi duten lanpostua aurkitu bitartean gertatzen dena alegia, enpresen lan-eskaeren baldintzak (lantokia, soldatak, ...) guztiz bat ez datozelako langileek bilatzen dituzten lanpostuekin.
Keynesen iritziz, enplegu osoak ekonomiaren oreka orokorra ekartzen du, eta krisi guztiak enplegu osoa ez izateagatik, eta ondorioz eskaria nahikoa ez izateagatik, garatzen dira. Horregatik, haren ustez, politika ekonomikoen helburu nagusia enplegu osoa lortzea izan behar da. Krisi egoeretan ere soldatek jaisteko zurruntasuna dutenez, Keynesek estatuaren eskuhartzea defendatzen zuen enplegu osoa lortzeko, inbertsioa eta gastu publikoa sustatuz besteak beste, eskari agregatua enplegu osorako behar den mailara heldu, eta enplegu osoa lortuta soldaten bitartez eskari agregatua maila horretan atxikitzeko. 1940-70 bitartean Keynesen politikak aplikatu ziren Europan bereziki eta enplegu osoa lehentasunezko helburua bilakatu zen, ongizate estatuarekin batera.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, full employment; gaztelaniaz, pleno empleo.
Loturiko artikuluak
Aldi baterako enplegu-erregulazioaAldi baterako enplegu erregulazioa edo, zehatzago, aldi baterako enplegu erregulazio-espedientea Espainiako Langileen Estatutuan lan-kontratuak aldi baterako eten edo lanaldian murrizketak egiteko enpresei ematen zaien aukera da, arrazoi ekonomiko,…
Enplegu berdeaEnplegu berdea jarduera ekonomikoak ingurumenean duen eragina minimotzea (ikus, ekoefizientzia) helburu duten lanpostuen multzoa da. Izan daiteke administrazio publokoetako lanpostua edo enpresek beraiek sortutako lanpostua, beraien jasangarritasun-planen baitan.
Egonkortasun ekonomikoaEgonkortasun ekonomikoa edo egonkortasun makroekonomikoa herrialde edo eskualde bateko aldagai makroekonomiko nagusiak gorabehera handirik gabe bilakatu eta elkarren artean orekan daudenean gertatzen den egoera da. Hain zuzen ere,…