Altruismoa beste batzuen onura helburu duen ekintzaile baten jokabide askea da (zerbait eman, lan egin, ...), betiere etekinik jasotzen ez badu. Ekintza altruista batean, beraz, batek, hartzaileak alegia, onura hartzen du, eta besteak, ekintzaileak, borondatezko kaltea edo gutxienez inongo etekinik ez. Egoismotik eta lankidetza edo kooperaziotik bereizten da: egoismozko ekintza batean, ekintzaileak onura eta beste batek kaltea jasotzen du, eta kooperazioan biek eskuratzen dute etekina. Bi eragileen kaltea bilatzen den ekintza, azkenik, gaiztakeria litzateke. Terminoa Auguste Comte-k asmatu zuen XIX. mendean, italierazko altrui ("bestea") hitzetik eratorrita, latinezko alter hitzetik, esanahi berdinarekin.
Begirunearekin eta enpatiarekin loturik badago ere, altruismoa harago doa, bestea errespetatzeaz gainera, haren ongizatea ere bilatzen duenez modu aktiboan. Filantropiarekin ere nahastu ohi da, baina ezberdintasunak nabariak dira: filantropiak, etimologikoki, "gizadiari maitasuna", adierazten du, baina onura orokorraren aldeko jokabide pribatua adierazten du, gizarte ongizatea deitzen den estatuaren jardun publikoaren aldean, eta ekintzaileari etekina ekar dakioke, materiala zein immateriala. Halaber, altruismoa elkarrekikotasuna eskatzen ez duen jokabidea da: besteak norberarekiko era berean jokatzen ez duen arren, jarrera altruistak bestearen alde ekiteko eskatzen du.
Bi motako altruismoak daudela esan daiteke:
- berdintasunezko altruismoan, bestearen ongizatea norberarena bezala bilatzen da; horren erroak kultura judu-kristauan aurki daitezke, "maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala" Bibliako aipuan, eta orobat Koranean;
- altruismo absolutuan, bestearen ona norberarena baino gorago jartzen da, adibidez gurasoek seme-alabenganako maitasunaren kasuan.
Heroi eta santuei egozten zaien bertutea muturreko altruismoa litzateke, bestearen alde dena ematen dutenez. Dena den, filosofo batzuen arabera, altruismoaren egoismo sozializatu baten aldaera baizik ez litzateke izango, jokabide naturala geure indibidualtasunaren baitan. 1
Ikus, gainera
Erreferentziak
1.
Aikaterini L. Altruism. In: Encyclopedia of Anthropology. ; 2006:53-56.
Loturiko artikuluak
Gizatasuna (humanitatea)Gizatasuna edo humanitatea, gizakia izateagatik beste gizakienganako sentitzen den atxikimendua, errukia, errespetua eta maitasuna da, halako moral kolektiboa, gizaki guztiak biltzen dituena bere baitan. Altruismoarekin eta filantropiarekin estu…
Gizateria (gizadia)Gizateria, gizadia edo humanitatea gizaki guztien multzoa da, entitate bateratu eta globala duena, eta beraz gizaki guztiak interpelatu edo haiei deitu egiten diena, bereziki gizatasun, humanitarismo eta altruismoari…
EskuzabaltasunaEskuzabaltasuna trukean edo ordain gisa ezer jaso gabe norberaren ondasunak beste bati eman edo beste batekin partekatzeko jarrera da, hari laguntzeko asmoarekin. Karitatearen eta altruismoaren funtsezko osagaia da.…